HELBURUAK
Gure Hezkuntza Proiektuan adierazi dugun bezala Frai Juan de Zumarraga Institutua ikastetxe euskalduna izatea nahi dugu. Horretarako, begi bistakoa da ikasleei begira aritzea ez dela nahikoa. Ikastetxeko helduen mundua ere hor dago: klaustroak, sailak, irakasleen arteko harremanak, gurasoekikoak... Material idatziek ere garrantzi handia dute ikastetxearen bizitzan... Azkenik, ikastetxeak berak ere, herriko erakunde den heinean, dagokion eragina izan beharko luke gizartean hizkuntza normaltzeko bidean.
Beraz, Plan Osatu baten beharra dugu, ikastetxeko esparru guztiak hartzen dituena. Behar horri erantzuteko hasi ginen 1997-1998 ikasturtean Hizkuntza Normalkuntza Proiektuan parte hartzen.
Harrezkero, eta egoeraren azterketa batetik abiatuz, urtean-urtean jarri ditugu helburu zehatzak, eta prestatu ditugu era guztietako ekintzak euskararen presentzia areagotzeko.
Proiektuaren ardura ikastetxe osoarena da. Edozelan ere, abian jarri, epeak zehaztu, bideratu eta bultzatzeko talde iraunkor bat dago: Hizkuntz Normalkuntza Batzordea. Talde horretako partaideak hauek dira:
- Arduradun Teknikoak (HNAT)
- Zuzendaritzako kide bat
- Zortzi irakasle
- Langile ez-irakasle bat
Astero bilera bat izaten dute.
Helburuak:
a.- Euskara esparru edo maila guztietan ohiko komunikabidea izatea gura dugu.
b.-Estamentu guztietako kideak euskeraz ulertzeko, idazteko eta berba egiteko trebetasuna lor dezaten baliabideak bilatu eta gauzatu beharko ditugu, erabilerari jaramon berezia eginez.
c.- Euskera euskal kulturaren barruan kokatu gura dugu. Herria eta Kultura maitatuz euskeraren aldeko jarrera indartuko delakoan gaudenez, jakintzagai desberdinetako curriculumetan landu beharreko gaia da.