CRITERIOS Y MÉTODOS DE ACTUACIÓN

1. Alderdi orokorrak

Euskeraren erabileraz

a.- Ikastetxeak bide guztiak jarriko ditu edozeinek eduki dezan euskeraz egiteko aukera. Horretarako, beharrezkoa izango da kargudun edo arduradunak euskaldunak izatea:
Zuzendaritzako taldekideak, sailburuak, atezainak, liburutegiko zaintzailea, eskolaz kanpoko ekintzen arduraduna, jantokiko arduraduna...

b.- Euskera barruko eta kanpoko harremanetarako hizkuntza nagusia izango da, eta, horregatik, beti agertuko da agiri, txosten eta oharretan.
Eskuarki euskera hutsean egingo diegu erakunde publikoei, D ereduko ikasle eta irakasleei, eta halan eskatzen duten gurasoei.

c.- Guregana zuzentzen direnei euskeraz egin dezatela eskatuko diegu. Datorren mezua euskeraz dakienak jaso behar duenean, euskera hutsean ematea aholkatuko dugu.

d.- Guztiek euskeraz ez dakiten batzarretan ere (klaustroak, mintegi eta ebaluazio bilerak...) euskeraren erabilpena haundituz joango da.

e.- Ikasle guztiei esandako lehenengo berba euskeraz izan dadin ahaleginduko gara. Ikasleentzako mezuak ulerterrezak direnean euskera hutsean emango dira.

f.- Bide honek aurrera egingo badu ezinbestekoa da hizkuntz ohitura batzuk aldatuz joatea eta aldeko jarrera lantzea. Kontu handiz ekingo diogu gai honi. Maila informalean erreztasun handiagoa lortzeko bertoko euskerari eta ahozkotasunaren ezaugarriei erreparatuko diegu.

Euskeraren kalitateaz

a.- Eguneroko euskera hobetzen ahaleginduko gara, bizia ez ezik egokia eta zuzena ere izan dadin.

b.- Irakasgaietan behar den materiala euskeraz sortzen ahaleginduko gara. Horretarako behar den hizkuntza teknikoa landuko dugu.

c.- Arlo honetan irakasleen beharrak jakinda, ikastaroetan parte hartzera bultzatu ditugu.

d.- Ikastetxeak euskerazko testuen gainbegirale edo zuzentzaile zerbitzu bat izango du, gura duten irakasle guztiek euren zalantzak argitzeko.

2. Arloz arlo

2.1. Irakasleak

a.- Gure helburuetako bat irakasle guztiak euskaldunak izatea da. Horretarako premiazkoa da zenbait irakasle euskalduntzea eta etor daitezkeen berriek euskeraz jakitea.

b.- Helburu hau lortzeko ikastetxeak barruko laguntza osoa eskainiko du.

2.2. Ikasleak

a.- Ikasleek aukera izan beharko dute eskolak eskaintzen duen edozein ikasketa mota euskeraz egiteko.

b.- D ereduko ikasleen kasuan kontuan izan behar da irakasle guztiak direla hizkuntza irakasle. Beraz, arlo guztietan aztergai izango dute euskera mintzatu, idatzi eta teknikoa.

c.- A B eta D ereduko ikasleen elkarreragina bultzatuko da, euskal kulturaren barruan integrazio osoa lortzeko.

d.- Euskeraz dagoen material pedagogikoa arretaz aztertuko da.

2.3. Langile ez-irakasleak

a.- Barne antolamendu egokia egingo da lehenengo berba euskeraz izan dadin, bai telefonoan, bai atezain gelan, eta baita idazkaritzako leihatilan ere.

b.- Euskeraz trebatzeko edo euskera maila hobetzeko laguntza eskatuko zaio HAEEri.

c.- Langile berririk etortzekotan, euskalduna izan dadila eskatuko da.

2.4. Ingurunea

- Ikasleen ingurunea (familia, lagunak, herria, aisialdia...) aztertuko da eta ahaleginak egingo ditugu gune horietan guztietan euskera bultzatzeko. Horretarako hartu-emonak izango ditugu udaletxe, euskera elkarte eta gurasoekin.